Eskuartean

Zaintza-krisiari ikuspegi komunitariotik erantzuteko erronka hartu du Bergarak

Erronka horri ekiteko, Bergarako zaintzaren ekosisteman dauden eragile eta begirada anitzak txertatzearen aldeko apustua egin dugu, bakoitzari bere tokia emanez. Horretarako, zaintza- eta gizarte-esparru ezberdinetako pertsona eta taldeak elkarrizketatu ditugu: esparru eta erregimen ezberdinetako zaintza-langileak, familia-eremuko zaintzaileak, dependentzia egoeran dauden herritarrak (norbanakoak eta elkarteak), udal langileak, Bergarako elkarte eta erakundeak… Horien guztien partaidetza ezinbestekoa izan da Plana osatzeko eta benetan eraginkorrak izango diren neurriak erabakitzeko.

 

Prozesua eta partaideak zaintzea

Zaintzaz ari garenez gero, prozesua eta partaideak zaintzea ezinbestekotzat jotzen genuen. Uneoro hartu nahi izan dira kontutan partaide bakoitzaren errealitateari lotutako behar eta baldintzak. Halaber, prozesuaren ikuspegitik, partaidetzaren bitartez ekarpenak egin dituzten herritarrei, sortutako emaitzak partekatu eta itzulia; prozesuari itxiera emateko Plana aurkeztu eta, helburuz helburu eta neurriz neurri, aztertu genuen elkarrekin.

Metodologia kualitatiboek, kasu honetan, Bergaran zaintzaren inguruan dabiltzan eragileen arteko elkar-ezagutza eta saretzean ere urratsak emateko balio izan dute, zaintzaren baitan eman beharreko eraldaketa bultzatzeko baldintza.

Gaiaren konplexutasuna dela eta, Bergarako I. Zaintza Planak gaur egungo gizartearen baitan hartu beharreko urgentziazko neurriak jasotzen ditu, baina aldi berean ezinbestean sistemaren aldaketa baterantz jotzearen garrantzia aitortzen du. Hauek dira Planak batzen dituen zazpi helburu estrategikoak:

  1. Zaintza bere dimentsio osoan ulertzea, lan hauek merezi duten aitortza egin eta ikusaraztea.
  2. Zaintzaren kultura eraldatu eta hauek modu justuagoan banatzea.
  3. Zaintza lanetan diharduten langile profesionalen lan eta bizi-baldintzak hobetzea.
  4. Zaintza lanak familian egiten dituzten zaintzaileak zaindu eta baldintzak hobetzea.
  5. Zaintza modu duinean jasotzeko eskubidea sustatzea.
  6. Hirigintzaren ikuspegitik herri zaintzailea lantzea.
  7. Zaintza-krisiari ikuspegi komunitario batetik ere erantzuteko apustua egitea.

Horrelako prozesu baten emaitzak bere balioa du, noski, baina prozesua zaintzeak bermatuko du ez dela hor amaituko; arduratik, adostutakoari jarraipena emango zaiola, alegia. Horren erakusgarri, zaintza lanetan ari diren langileei eskaintzen zaien aholkularitza zerbitzua, Mariaren Lagundiarekin elkarlanean gaia jorratzen jarraitzeko planteamendua, besteak beste, edota  Pentekosteetako Jaiei hasiera emateko txupinazoa zaintza lanetan aritzen diren emakumeek