Eskuartean rss

Parte-hartzea: Polarizazioari aurre egiteko gakoa

2023/07/16

Herritarren partaidetza prozesuek dimentsio anitz dituzte, maila askotan garatu daitezke eta helburu desberdinei erantzuteko xedea izan dezakete. Abiapuntuan, herritarrek politika publikoei lotutako erabakietan parte hartze aktiboa izatea dago. Baina hori, noski, era askotan egin daiteke.

Badirudi gizarte gero eta indibidualistagoan bizi garela, zailagoa dela herritarrak ardura kolektiboetara gerturatzea eta komunitateak ahultzen ari direla. Partaidetza moduak ere aro berrietara egokitzen ari dira: norbanakoek etxetik klik batekin haien iritzia helaraztea edota bozkatzea da, esate baterako, partaidetza digitalak eskaintzen dituen aukera berrietako bat. Masiboa, erosoa eta bizkorra izan daiteke, eta zalantzarik gabe, baliatu beharreko potentzialitate handiak ditu.

Baina zein punturaino laguntzen du komunitateak indartzen, aktibatzen eta ahalduntzen? Edota komunitate anitzen artean zubiak eraikitzen? Komunikazio kanal berriek eta sare sozialek erresonantzia kutxaren efektua egiten dutela aipatzen dute komunikazio adituek. Izan ere, gaur egungo komunikazio digitalaren joera da herritarrek haien iritziak indartzen dituzten edukietara jotzea. Horrek norberaren sinesmenetan sakondu, desberdinen arteko elkarrizketa ekidin eta polarizazioa areagotzen du. Herritarren artean espazio partekaturik gabeko partaidetza sustatzeak ez al du efektu berdina sortzeko arriskua?

Herritarren partaidetza prozesuak, historikoki, anitzen arteko topagune izan dira; auzoak, eskolak, herriak anitzak direlako, eta kidetasunak batzen dituelako norbanakoak. Marko hauetan ematen dira desberdinen arteko eztabaidak, ikuspegiak eta argudioak partekatzea, ondokoaren errealitatea hobeto ulertzea eta komunitatea indartzea. Ezagutza eta elkarrizketarik gabe, ez baitago komunitaterik, ez dago etorkizun amankomunik.

Garai nahasiak bizitzen ari gara, eta konplexuak dira aurrean ditugun erronka eko-sozialak. Herritarrak, komunitateak, eraldaketa prozesu hauen protagonistak izan behar dira, partaidetza prozesu erreal eta eraginkorren bitartez. Horretarako, bizipenak eta ikuspegiak elkar-trukatzeko gune seguruak eraiki behar dira, hausnarketa partekatua sustatu eta erabaki-hartze kolektiboak bideratu. Bidea elkarrekin egin ahal izateko, erakunde publiko eta herritarren artean harremantzeko eredu berriak ere sortu behar dira.

Herritarren partaidetza izan dadila etorkizuna elkarrekin marrazteko modua.


facebook
0
twitter
Farapi

Mundaiz bidea 10, 23.bulegoa
20012 Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)

Calle Travieso 27, 2-A
35002 Las Palmas de Gran Canaria

T (+34) 943 00 35 85
F (+34) 943 00 35 84
info@farapi.com