Eskuartean

Ezagutza eraldatuz, deserosotasuna biziz: I. Antropologia Feminista Kongresuan izan gara

 

Antropologia feminista izango da

Antolatzaileek hala esanda, antropologia feminista 1970 hamarkadan sortu zen, nahiz eta lehenago ere hainbat aurrekari esanguratsu egon. Testuinguru historiko eta geografikoen arabera, izen eta garapen teoriko-metodologiko ezberdinak (izan) dituen eredu teorikoa da, mota guztietako gai eta azterketa-arloetan aplikagarria. Bere helburu nagusietako bat diziplina barruko zein kanpoko ezagutza eta errealitatea aldatzea da eta horretarako ezarritakoari aurre egin behar zaio eta deserosotasuna apustu kontzeptual, pertsonal eta politikoa bihurtu beharra dago.

Kongresuak mahai-inguruak izan zituen honako lau ardatz hauen ingurukoak: genealogia, teoria, metodologia, eta feminismoarekiko eta gizartearekiko harremanak. Era berean, kongresuak hainbat panel tematiko izan zituen, ekarpen lokalak eta nazioartekoak batuz. "Prozesu etnografikoak eta ekarpen metodologikoak" panelean parte hartu zuen, hain zuzen ere, Maria Ajuria Hernandez farapitarrak.

"Nola gurutzatzen dira bakoitzaren praktikan edo eremuan antropologia, metodologia eta ikuspegi feminista?" Hori izan zen paneleko partaideoi bota ziguten galdera hitzaldia prestatzeko. Helburua antropologia aplikatuaz solasean aritzea izan zen, eta elkarren artean esperientziak partekatzea eta aurrean ditugun erronkak azaltzea.

Ikertzea, gauzak aldatzeko

Farapin tinko eusten diogu taldean lan egitearen garrantziari eta, horrexegatik, panelean Mariak soilik parte hartu bazuen ere, taldean prestatutako aurkezpena izan zen. Aurkezpena Farapiko esperientzia propiotik landu genuen eta, erabiltzen ditugun lan-tresnak aipatzeaz gain, bi esperientzia zehatz ekarri genituen kongresura.

“Gure helburua ez da ikerketa, baizik eta ikertzea, gauzak aldatzeko”, aipatu zuen Mariak hitzaldiari hasiera emateko. Izan ere, Farapin antropologia ikuspegi eta tresna sorta bat dira, gizarte eraldaketarako erabiltzen ditugunak. Eraldaketa prozesuak sustatzen ditugu, erronka sozialei erantzuteko, eta zera galdetzen diogu geure buruari etengabe: horretarako, zeintzuk dira behar ditugun tresnak?

Gure jardunean, antropologiaz gain, beste disziplina eta metodologia batzuk ere erabiltzen ditugu: partaidetza eta talde dinamizazioa, fazilitazioa, ekonomia feminista edo ekonomia soziala… eta gaur egun komunikazioa sustatzen hasi gara ere. Ez dugu eremu batean soilik zentratzen den proiekturik, hots, antropologia-, genero- edota partaidetza-ikuspegia isolatuta txertatzen duen proiekturik: denak zeharkatzen du dena.

Alabaina, kongresuaren ardatz nagusia antropologia zenez gero, bertatik eratorritako kontzeptuen inguruan hitz egin genuen: komunitatea, talde kultura, erritualak, balio sistemak… Farapin, antropologia erabiltzen dugu errealitatearen azterketa egiteko, baina baita talde-prozesuak laguntzeko ere.

 

 

Akademia eta kalearen arteko zubiak eraikitzen

Farapin akademiatik kanpo dauden bestelako eragileekin egiten dugu lan etengabe (adibidez, mugimendu feminista). Hori dela eta, “itzultzaile” garela diogu. Testuinguruaren arabera, kontzeptuak edota hizkuntza moldatzen ditugu, prozesu bakoitzeko partaideentzat ulergarria izan daitezen. Ezagutzaren demokratizazioari ere garrantzia ematen diogu, eta ezagutzaren eraikuntza kolektiboan sinesten dugu. Beraz, gure burua “aditu” ordez, “bidelagun” moduan deskribatzen dugu.

“Gure ikerketa lan prozesuetan subjektuekin lan egiten dugu, ez objektuekin”, azpimarratu zuen Mariak panelean. Horrek esan nahi du, guk interpretatu ordez, komunitateko kideek auto-interpretatu dezaten saiatzen gara, behatzaile rolean sartuz, eta hausnarketak bideratuz. Ibilbide historiko baten bitartez Iruran memoria historikoa ikuspegi feministatik berreskuratzeko prozesua azaldu zuen Mariak adibide gisa. Ondoren, “fotoahotsa” teknikaren bitartez adineko pertsonekin eginiko bakardadearen inguruko gogoeta-prozesuaren berri eman zuen.

Feminismoak zeharkatzen gaitu

Farapin feministak izan nahi dugu esparru guztietan: lan egiteko eran, harremanetan, egunerokotasunean… Feminismoak problematizatu dituen gauzak problematizatu ditugu Farapin, eta era kolektiboan soluzioak bilatzeko bidean gaude.

Barne-mailan, “Farapi bizigarri” izeneko lanketa egiten ari gara lantaldean. Ekonomia feministatik eratorritako gogoetetatik abiatuta, barne mailan praktikan era naturalean lantzen ari ginenari marko teorikoa osatu diogu (zaintza lanak, lan ordu estrak, gure arteko rolak…).

Bestalde, laguntzen ditugun prozesuetan ikuspegi feminista txertatzen dugu transbertsalki. Hala adierazi zuen Mariak kongresuan: “Ikusezinari balioa ematea, bazterretan gelditzen diren ezagutzak edo kosmobisioak zentrora ekartzea”.  Ahotsik ez duenari ahotsa emateko baldintzak jartzen ahalegintzen gara, subjektuari eta bere bizipenei garrantzia ematez. Halaber, feminismotik eratorritako edukiekin lan egiten dugu eta, “itzultzaile” lanekin jarraituz, ikuspegiak eta kontzeptuak moldatu egiten ditugu proiektu bakoitzean.

Erronkek mugitzen gaituzte

Amaiera emateko, gure lanaren erronkez aritu ginen hizketan. “Itzultzaile” lana egitea ez da erraza, bereziki harkorrak ez diren testuinguruetan, eta teoriatik praktikara jaistea ere erronka handia izan daiteke.

Horri erronka erantsi bat gehitu behar zaio, gainera: gero eta gehiago eskatzen dizkigute sinpleak eta berehalakoak diren ekintzak, momentuko beharrei denbora laburrean erantzuteko. Tamalez, horrek sarritan ez digu aukerarik ematen prozesuak sakontasunez eta baldintza egokietan egiteko. Farapin garrantzi handia ematen diogu prozesuei behar duten denbora eskaintzeari, eraldaketa erreala gauzatu dadin, eta batzuetan ez dugu hori egiteko aukerarik.

Antropologiaren iturrietatik edaten jarraitzen dugu, diziplina-artekotasuna mantenduz eta horien artean konexioak eginez. Hala ere, egunerokotasuneko lanak ez digu beti antropologiatik eta akademiatik egiten diren ekarpenak jaso eta gurera ekartzeko aukera ematen. Horregatik, Mariak, Farapiko lantalde guztiaren izenean, zintzoki eskertu zuen I. Antropologia Feministako Kongresuan parte hartzeko gonbidapena, halako espazioek jatorriekin konektatzeko aukera ematen digutelako. Hurrengo kongresua noiz ospatuko duten zain gaude dagoeneko!