Eskuartean

Zumeak. 60 urtetik gorako pertsonen harremanak eta bakardadeak parte-hartzearen bidez aztertzeko lana

Honako helburuak ditu egitasmoak: adineko pertsonek bakardadeak eta harremanak bizitzeko erak partekatu, hauen hausnarketa kritikoa egin eta eragile publikoekin elkarlanerako ildoak jorratzea. Aktibo osasuntsuetan jartzen du fokua, eta pertsonek eta komunitateek gure osasunean eragiteko dugun gaitasunaren kontzientzia hartu eta ahalduntze kolektiboa bilatzen du.

Horretarako, Fotoahotsa metodologia berritzailean oinarritzen da. Ikerketa-Ekintza-Partehartzailearen (IEPH) baitan kokatzen den metodologia da, eta argazkilaritzaren bitartez, herritarrek haien errealitateak islatu eta hauen lanketa kritikoa egiten dute, eraldaketa sozialerako bide moduan.

Proiektu hau Altzan gauzatu da, eta 60 urtetik gorako eta perfil anitzeko 6 pertsonek hartu dute parte. Haietako bakoitzak bere harremanak eta bakardadea bizitzeko errealitateak, momentuak, beharrak, gogoak… islatu ditu egunerokotasuneko argazkien bitartez, eta talde hausnarketen bitartez, esperientziak partekatu eta ondorio komunetara iritsi gara. Prozesu aberatsa eta askatzailea izan da.

Covid 19k eragindako krisiak proiektua nahi bezala amaitzen utzi ez digun arren, uste dugu emaitzak balio handikoak eta inspiratzaileak direla, eta gaiari lotutako metodologia berritzaileetan sakontzen jarraitzera motibatu gaituzte.