Egindako Lanak

IRUNGO HAUR ETA NERABEEN PARTE-HARTZE SISTEMA


LABURREAN:

Proiektuaren izena: Irungo haur eta nerabeen parte-hartze sistema

Norekin elkarlanean: Irungo Udaleko Gazteria Saila

Proiektuaren urtea: 2019 – Gaur egun


Irungo Udaleko Gazteria Sailarekin elkar-lanean, Irun “Haur eta Nerabeen lagun den hiria” bilakatzeko prozesua egin da, bertako haur eta nerabeen ahotsa eta partaidetza zentroan jarriz. Horretarako, besteak beste, Irungo Haur eta Nerabeen I. Plana sortu da eta egun, plan hori gauzatzeko parte hartze sistema bat dago martxan hirian, eragile ezberdinekin elkar-lanean dinamizatzen duguna. Sistema horren erdigunean Irungo Haur eta Nerabeen partaidetza foroak daude.

Proiektu honek bere ibilbidea 2019an abiatu zuen eta hauek izan ziren, besteak beste, emandako lehen urrats nagusiak: Irungo Haur eta Nerabeen Diagnostikoa osatzea, aurrez aipatutako Irungo Haur eta Nerabeen I. Plana onartzea eta Irungo Haur eta Nerabeen Foroak sortzea. Guzti horrekin, 2021ean eskuratu zuen Irunek “Haurren Adiskide den Hiriaren” zigilua. Geroztik, martxan jarri den partaidetza sistemaren bidez, Irungo haur eta nerabeen ahotsak eremu ezberdinetan entzuna izateko, eta hauen sujetu politiko izaera sustatzeko lanean ari gara Farapin.

Partaidetza sistema honen baitan, honakoekin ari gara batik bat elkarlanean: Irungo ikastetxe ezberdinetako taldeek osatzen dituzten Haur eta Nerabeen Foroekin, Ikastetxeetako koordinazio guneekin, Udal barneko Sailen Arteko koordinaziorako Mahaiarekin eta Udal zerbitzuen Mahaiarekin (hiriko zerbitzu ezberdinetako hezitzaile eta teknikariek osatua). Guztion artean, haur eta nerabeen partaidetza hiri-mailako erabakietan txertatzeko urratsak ematen gabiltza.

2022ko azaroaren 18an, aurrez aipatutako eragile guzti horiekin saio bateratu bat egin zen Irungo musika eta dantza eskolan, Azaroaren 20an ospatzen den Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira. Horrez gain, haur eta nerabeen proposamenetatik eta elkar-lanetik eratorritako hainbat ekintza ere egin dira hirian: Pinudi Parkearen konponketa, nerabeek antolatutako ginkana San Martzialetan, telazko poltsak apaintzeko tailerra… Eta aurrerantzean ere, ziur gauza gehiago egiten jarraituko dugula!  

Material osagarria