Eskuartean

Zer diote Irungo haur eta nerabeek haien hiriaz?

Dataren aukeraketa ez zen kasualitatea izan. Hain zuzen ere, azaroaren 20a Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko eguna da. Saio berezi honetan, irundar gazteek haien eskubideen inguruan hausnartzeko eta horiek bermatzeko proposamenak egiteko espazioa sortu genuen.

Irun, Haurren Lagun den Hiria

Irun Haurren Lagun diren Hirien artean dago 2021eko ekainetik, UNICEFek hautagaitza ofizialki onartu zuenetik. Horren harira, Irungo Udalaren Haur eta Nerabeentzako I. Plana onartu zen 2021ean eta 2024ra arte gauzatuko dute.

Horrek guztiak esan nahi du udal-politikak haur eta nerabeen parte-hartzearekin garatzeko konpromezua hartu duela Irunek. Zerbitzu, ingurune, azpiegitura eta beste hainbat alorretan zeresana dute orain irundar gazteek.

Farapi Kooperatibak urteak daramatza prozesu honetan laguntzen, eta orain Plana garatzeko bidelagun ere bada. Ikasturtean zehar, Irungo ikastetxeetara joaten gara parte-hartze saioak dinamizatzeko eta haur eta nerabeen iritzi eta ideiak biltzeko. Saio bateratuetan, haur eta nerabeak euren artean elkar ezagutzeko, eta helduekin elkar-lanean jartzeko espazioak sortzen ditugu, haien ongizaterako talde-proposamenak egin eta Udalari transmitituz.

Horrexegatik egin genuen farapitarrok azaroaren 18ko saio bateratuaren dinamizazioa. Hala ere, ez ginen bakarrik egon; harrera eta aurkezpena Dejabu antzerki konpainiak egin zuen. Abesti bat sortu zuten Irunen omenez eta guzti! Haiek egin zituzten ere berriemaile lanak: “Gogoratzen duzue duela aste batzuk bozkatu zenutela non jarri Haurren Lagunen Hiriaren seinalea?”, galdetu zieten gazteei. Baietz esan zuten ozen, emaitza jakiteko irrikatan. “Bada, Luis Mariano Parkean jarriko dugu seinalea!”, esan zuten Dejabukoek. Txalo zaparrada batez jaso zuten albistea haur eta nerabeek, hori baitzen haiek aukeratutako lekua.

2021eko ekainan izendatu zuten Irun 'Haurren Lagun den Hiria'

Zeintzuk dira haur eta nerabeen eskubideak?

Aurkezpenaren ondoren, lau taldetan antolatu genituen haur, nerabe eta helduak. Talde horiek dinamizatzeko, lau farapitar egon ginen saioan: Araitz, Gabriela, Maider eta Maria. Nahastuta jarri genituen partaideak: ikastetxe eta adin ezberdinetako gazteak, politikariak, teknikariak, herri-hezitzaileak… Eta lehenengo dinamikari ekin genion.

Garrantzitsua da haur eta nerabeen eskubideak bermatzea, baina zer da eskubide bat eta zer ez? Argi ote zuten partaideek? Talde-eztabaida sustatzeko asmoz, lurrean marra luze bat marraztu eta bi kartel jarri genituen lurrean: lerroaren mutur batean “egia” hitza zegoen idatzita, eta, bestean, “gezurra” hitza.

Orduan, esaldiak bota genituen banan-banan: “Ondo pasatzea eta jolastea nire eskubidea da”; “Nik nahi dudana egitea beti nire eskubidea da”; “Nire iritzia askatasunez ematea nire eskubidea da”; “Mugikor bat edukitzea nire eskubidea da”… Esaldi bakoitza esan ondoren, taldekideek erabaki behar zuten lurreko marran non kokatu. Esandakoa egia zela uste bazuten, mutur batean kokatzen ziren eta gezurra zela uste bazuten, bestean. Zalantzak izanez gero, lerroan zehar kokatu zitezkeen.

Adin txikikoak eta helduak nahastuta zeudenez gero, Farapiko Maria Ajuriak bere taldeari argi utzi zion hasieratik jolasaren ‘arau’ nagusia: “Gogoratu denok parte hartzeko ariketa dela; adin gehiago ala gutxiago izateagatik inoren iritzia ez da besteena baino garrantzitsuagoa”.

Eskubide batzuk argi zituzten partaideek. Mariaren taldean, tinko esan zuen haur batek: “Jolastea gure eskubidea da, ondo pasatzeko eta pozik egoteko, baina baita ikasteko ere!” Bestalde, kasu batzuetan eskubideak ez diren horiek ere erraz identifikatu zituzten: “Ezin duzu beti nahi duzuna egin, besteak ere kontuan hartu behar dira, haiengan eragina duelako guk egiten dugunak”, aipatu zun nerabe batek Maider Eguzkitza farapitarraren taldean. Eskubideak indibidualak soilik ez zirela ondorioztatu zuten, eta elkarbizitzaz mintzatu ziren taldekideak.

Beste esaldi batzuekin, ordea, zalantzak eduki zituzten eskubideak identifikatzeko garaian. Farapiko kide den Araitz Rodriguezen taldean, esaterako, mugikorra edukitzeari buruzko zalantzak izan zituzten, eta lerroan zehar sakabanatuta kokatu ziren partaideak. Batzuek eskubide bat zela zioten, komunikatzeko eta informatuta egoteko ezinbesteko tresna dela argudiatuz. Beste batzuek, ordea, ez zuten eskubide gisa identifikatzen. Hala arrazoitu zuen ikasle batek: “Lehen ez zeuden mugikorrik eta berdin-berdin komunikatzen ziren! Agian gaur egun mugikorra beharrezkoa da, baina ez dut uste eskubidea denik…”

Lehenengo dinamikan haien eskubideen inguruan hausartzeko aukera izan zuten haur eta nerabeek.

Nahi dugun hiria irudikatzen

Berotze-ariketa horren ostean, Irungo hirian zentratu ginen. Talde bakoitza azpi-taldeetan antolatu eta collage-ak egiteko erronka luzatu genien, honako galderak erantzuteko: “Zer duzue gustuko zuen hiriaz?”; “Zer ez duzue gustuko eta zergatik?”

Ederra izan zen ikustea, hasieran, gazteei gauza onak besterik ez zitzaizkiela bururatzen haien hiriaz. “Hobetu beharreko ezer egongo da Irunen!”, esan zuen barrez teknikarietako batek. Gabriela Errenteria farapitarrak bere taldeari zera jakinarazi zion: “Gustatzen ez zaizkigun gauzak proposamen bilakatuko ditugu ondoren; gauza berriak izan daitezke ala jada daudenak konpondu edota hobetzeko proposamenak egin ditzakegu”.

Nahiz eta talde txikietan egin ariketa, hobetu beharreko gauzen zerrendak antzerakoak ziren. Haur eta nerabe gehienek aisialdirako gune estali gehiago behar zituztela aipatu zuten, bereziki euria egiten duenean lagunekin elkartu ahal izateko. Eskaera zehatzak ere egin zituzten honen inguruan: euria egiten duenean Artia futbol zelaia putzuz betetzen dela aipatu zuten hainbatetan, kautxua dela eta.

Aisialdiaren harira, auzoen arteko desparekotasunak ere nabarmendu zituzten. “Auzo batzuetan izugarrizko jaiak antolatzen dituzte, eta beste auzo batzuetan ez dago ezer ez!”, kexatu zen haur bat. Berdina zioten azpiegituren inguruan: “Irungo toki batzuetan haurrentzako parkeak ‘guay’ daude, eta beste batzuetan jolasteko oso gauza gutxi dituzte”.

Halaber, ekimen eta jarduera gehiago antolatzeko beharra zegoela adierazi zuten, eta egiten diren ekintzen berri jakiteko komunikazio-bideak hobetzea proposatu zuten: “Askotan ez zaigu informazioa iristen eta ondoren konturatzen gara interesgarria zen ekimen bat zegoela hirian”, zioen nerabe batek.

Segurtasuna ere kezka orokortua izan zen taldeetan. “Kale batzuk oso ilunak daude eta beldurra ematen dute gauez; farola gehiago behar ditugu”, esan zuen talde batek. Segurtasunaren baitan, bidegorri gehiago behar zituztela ere aipatu zuten, errepide eta espaloitik ez joateko bizikletarekin.

Collage-n bitartez irudikatu zuen talde bakoitzak Irun hobetzeko proposamenak.

Proposamenen zerrenda luzeak egin ondoren, eguneko azken hausnarketa egin genuen: “Beno, badugu proposamen zerrenda ederra… Orain, nola komunikatuko diogu hau Udalari? Zein baliabide behar ditugu gure proposamenak alkateari luzatzeko?”, galdetu zion Araitzek bere taldeari.

Ideia-jasa talde handian egin zuten. Udalari mezuak bidaltzeko metodo asko aipatu zituzten partaideek: aurrez-aurreko arreta, WhatsApp bidez idaztea, proposamenak botatzeko buzoi bereziak sortzea, e-posta helbide zehatz bat edukitzea, sare sozialetatik komunikatzea…

Hurbilpena gazteek egin ordez, Udalak ahalegin hori egitea proposatu zuten ere talde batzuek: “Alkatea eta zinegotziak auzoetara gerturatzea nahiko genuke, eta eskoletara etortzea”, esan zuen haur batek.

Gainera, udal-zerbitzuez haragoko proposamenak egin zituzten partaideek, eta bestelako espazioetan ordezkaritza eduki behar zutela aldarrikatu zuten: “Adibidez, auzo elkarteak haur eta nerabeei irekitzea gustatuko litzaiguke”, esan zuen talde batek.

Saioaren amaieran, Musika Eskolako areto nagusian elkartu eta talde bakoitzak goizean zehar egindako lana aurkeztu zuen. Egunean zehar egindako lan guzti hori oso baliagarria izango da ikasturtean zehar ikastetxeetan egingo ditugun saioetan eta Udalarekin egingo diren lanketetan erabiltzeko. Farapitik burubelarri jarraituko dugu lanean Irun haurren lagun den hiria bilakatzeko!

Haur eta nerabeek Udaleko teknikari eta politikariekin zuzenean elkarlanean aritzeko aukera izan zuten saio bateratuan.