Eskuartean

Nerabeen ongizatearen erronkan aurrerapausoak emateko dialogo saioa antolatu genuen Tabakaleran

Proiektuaren aurkezpenarekin eman genion hasiera saioari. “Ongizatea gizarte erronka bat da”, adierazi zuen Maria Ajuriak (Farapi). Horregatik erabaki genuen, hain zuzen ere, horren inguruan hausnartzea nerabeekin. Gainera, erronka gehigarria izan dugu antolatzaileok: ko-sorkuntza proiektua bera egiteaz gain, honen inguruan hausnartzea eta ikaspenak partekatzea. Horrek esan nahi du etengabeko elkarlanean aritu garela Farapi eta Medialaben artean, horizontaltasunetik eta norbera bere lan-eremutik aportazioak egiten.

Hiru fasetan antolatutako prozesua izan da ‘Galdera ikurrak’: 1) nerabe taldeekin ongizatearen inguruko hausnarketa eta hurbilpena; 2) sormen/adierazpen baliabideen erabilera; eta 3) hedapena eta sakontzea. Beraz, talde-hausnarketak egin dituzte nerabeek; ondoren, fanzine, argazkigintza eta bideo-jolasen bitartez haien bizipenak irudikatu dituzte; eta, azkenik, haien ikaskideen aurrean aurkeztu dituzte prozesutik ateratako hausnarketa eta emaitzak, gaietan sakontzeko aukera emanez.

Ongizatea lantzeko sormen baliabideak erabiltzea elementu berritzailea izan da prozesu honetan. “Gauzak beste era batean egiteko, beste era batean pentsatu behar ditugu”, azpimarratu zuen Ajuriak. Norbanako eta taldeko bizipenak aintzat hartu dituen proiektua izan dela adierazi zuen ere Farapiko kideak: “Hausnarketak esperientzia pertsonaletatik abiatu dira eta talde izaera hartu dute ondoren: esperientziak batzuk amankomunean zituzten nerabeek, eta beste batzuk ez, baina elkar ulertzeko ere balio izan du prozesuak”.

Farapi Kooperatibako kide den Maria Ajuriak egin zuen prozesuaren aurkezpena.

Errealitate anitzak zeharkatzen

Aurkezpen orokorraren ondoren, partaideak lau taldetan banatu genituen, nerabeen eta erakundeetako ordezkarien arteko elkarrizketa zuzenagoa izateko. Bi taldek Donostiako Peñaflorida Institutuko ikasleen esperientzia entzun zuten lehenbizi, eta beste bik Lasarteko nerabe-koadrilaren esperientzia. Ondoren, taldeak trukatu eta besteen aurkezpena entzun zuten.

Peñafloridako taldearen izenean Paulette, Nahia, Marian eta Rakelek hitz egin zuten. Fanzineak egin zituzten haiek, eta Tabakalerako paretetan itsatsi zituzten artelanen argazkiak eta horiei loturiko esaldiak. “Fanzineetan nola sentitzen garen eta zer nolako bizipenak ditugun adierazi dugu”, esan zuen Rakelek. “Fanzineak egiten hasi ginenean uste genuen gauza batzuk norberari soilik gertatzen zitzaizkiola, baina gerora ikusi dugu badaudela edonori gertatu ahal zaizkion gauzak”, gehitu zuen Marianek.

Bost gai nagusi zeuden hormetan itsatsitako irudietan: indarkeria matxista eta arrazakeria; gurasoekin harremana; kanon estetikoen presioa; aisialdia eta norbere burua zaintzea; eta bakarrik sentitzea.

Arrazakeria gaien artean zegoen, hain zuzen ere, talde horretako nerabe gehienak atzerrian jaiotakoak zirelako. Neska gazte arrazializatuak izateagatik jasaten duten jazarpen zeharkatuak salatzen zuten irudietan: “gure herrialdera itzultzeko esaten digute batzuek”, zioen paretako esaldi batek. Matxismoak ere gurutzatzen baditu ere, kontzientzia kritikoa erakusten zuten haien fanzineek: “Guri gehiago begiratzen gaituzte, eskubide gutxiago ditugula uste dutelako, eta zerbait egiten badigute, ez zaiela ezer gertatuko pentsatzen dutelako”.

Horrekin lotuta zegoen ere bakardadearen gaia. Nerabeetako askok haien jatorrizko herrialdeetan lagun gehiago zituztela adierazi zuten fanzineetan, eta bakarrik sentitzearen ideia hainbatetan errepikatzen zen Tabakalerako hormetan. “Nire herrialdean lagun gehiago nituen” esaldia behin eta berriz agertzen zen atzerritar jatorriko gazteen artelanetan.

Aldarrikapen mezuak ere irakurri zituzten saioko partaideek; esaterako, gainontzekoek euren itxura fisikoaz zuten iritziak baztertzearen alde. “Jende askok ariketa fisikoa egiten du bestek ezer esan ez diezaioten. Nik egiten dudana niretzat egiten dut” zioen batek. Ongizaterako erabiltzen dituzten mekanismo batzuk ere aipatzen zituzten fanzineek; adibidez, gurasoekin hitz egitea edota aisialdi-jarduerak egitea (kirola, idazketa, marrazketa…)

Errealitate ezberdinetatik etorrita ere, Lasarteko taldearen aurkezpenak bazituen talde donostiarrarekiko antzekotasunak. Lorea, Maitane, Uxue, Ane eta Mirarik azaldu zuten prozesua taldearen izenean, argazki-erakusketa birtual baten bitartez.

Saioetan landutakoa azaltzen hasi ziren. “Negar eta emozio asko egon ziren lehen saioan”, esan zuen Uxuek, eta zera ondorioztatu zuen Maitanek: “Gauzak berbalizatzeak kontziente egiten gaitu elkarren arteko egoeraz”.

Haiek ere, Peñafloridako taldearen antzera, bost gaietan banandu zituzten gogoetak: parte sentitzea; esperimentazio eta inprobisazioa; norbere identitatea eraikitzea; isolamendua haustea; eta norbere burua maitatzea. Bertan, ongizaterako baliabide anitz zituztela aipatu zuten: “Batzuek taldean hartzen dugu babesa, besteok banaka”, esan zuen Loreak.

Erakundeek ongizaterako espazioak bermatzearen inguruko gogoeta izan zen nagusi lasartearre aurkezpenean. “Etxetik kanpo ala logelan… babestuta sentitzeko toki eta une asko daude”, zioen Maitanek. Natura espazioak, isilean eta lasai egoteko tokiak, beste gazte batzuekin kohesioa sortuko duten jarduerak (herri eta auzoetako jaiak, esaterako), espazio horietara iritsi ahal izateko garraiobideak… Hainbat saiotan egindako hausnarketen emaitza laburbildu zuen laukoteak.

Prozesuaren balorazio positiboa egin zuten Lasarteko nerabeek aurkezpenaren amaieran. “Elkarrekin esertzeak eta hausnartzeak lagunak zaintzeko eta apreziatzeko espazioa eman digu”, ondorioztatu zuen Loreak.

Peñaflorida Institutuko ikasleek egindako fanzineen irudiak ikusteko aukera izan zuten partaideek.

Pertenentziaren garrantzia

Aurkezpenak entzun ondoren, nerabeak eta helduak nahastu genituen, entzundakoaren inguruan hitz egin eta hausnartzeko. Behin eta berriz entzuten zen lau taldeetan pertenentziaren garrantzia; “zerbaiten parte sentitzeak ematen dizun ongizatea”, Amaiur lasartearrak esan bezalaxe.

“Koadrila aukeratutako familia da eta askotan bertan topatzen dugu babesa”, aipatu zuen Loreak. Hain zuzen ere, horixe zen Peñafloridako nerabeek faltan somatzen zutena: “Hiru urte daramatzat Euskal Herrian eta oraindik ere bakarrik sentitzen naiz askotan”, esan zuen Maurelisek.

Familia ere aipatu zuten nerabeek pertenentziaren baitan. Senideen onarpenak eta babesak ongizatea ematen diela ados zeuden donostiar eta lasartearrak. “Nire amarengan konfiantza handia dut, berak lagundu eta babesten nau”, zioen Peñafloridako ikasle batek bere fanzinearen inguruan: “Hori oso garrantzitsua da ondo sentitzeko”. “Etxea babesleku izan beharko litzateke, eta ez gatazka gune”, adierazi zuten lasartearrek haien argazki-erakusketan.

Nerabeek hitz egiten zuten bitartean, erakundeetako ordezkariek isilik entzun eta oharrak idazten zituzten koadernoan, mundua aldrebestu balitz bezala. Ondoren, hausnarketa egiten zuten egiteke dagoen lanaren inguruan.

“Komunitatearen parte izateak lasaitasuna ematen du”, zioen helduetako batek: “Atzerritik datozenek bakardadea dute ez dutelako gainontzekoek duten sare edota baliabiderik”. Baiezkoa egiten zuen buruarekin erakunde bateko beste kide batek: “Nabarmena da etorkinekin egin beharreko lana”.

Herrian edo hirian haztearen inguruko gogoeta egin zuten ere helduek, Donostian edo Lasarten bizitzearen inguruko konparaketa abiapuntu izanik: “Herriarekiko pertenentzia hirietan ez da horren indartsua, hori bultzatzeko ahalegin gehiago egin behar ditugu”.

Erakundeek nerabeen hausnarketak entzun eta irakurri zituzten. Argazkian, lasartearrek egindako collage-ak.

Identitatea(k): Izatea eta izaten uztea

Identitatea askatasunez sortzeak eragiten duen ongizateaz ere solastu ziren nerabeak. “Gure adinarekin identitatea eraikitzen ari gara, eta hainbat modu daude hori eraiki eta espresatzeko”, hausnartu zuen Loreak.

Adin eta jatorri ezberdinetako nerabeak zeuden dialogo saioan, baina bazegoen hutsune ageri bat: “Non daude mutilak?” galdetu zuten askok. Tamalez, prozesuan parte hartu badute ere, saiora bertaratzea aukera askekoa zen eta mutil bakar batek ere ez zuen joan nahi izan. “Neskok gaitasun gehiago dugu arazoak kontatzeko, eta mutilek ez dituzte emozioak horrenbeste adierazten”, esan zuen zintzotasunez lasartear batek.

Izan ere, gogoeta-prozesuan zehar Farapik eta Medialabek antzeman genuen mutilek haien sentimendu eta bizipenak adieraztea kostatzen zitzaiela. Lasartetik zetorren Anek enpatiaz hitz egin zuen bertan ez zeuden bere gizonezko lagunez: “Emozioez hitz egiteko ez daukagu espazio segururik. Denok etxetik kanpo bilatzen dugu ongizatea eta horretarako espazioak behar ditugu”.

Saioan zeuden nerabeetan zentratu ziren berriz partaideak, eta, nahiz eta neska gazteak izan denak, bazterkeria eta bizipen ezberdinetatik datozela aitortu zuten. “Guk jasaten ez ditugun diskriminazioak badaudela ikasi dugu gaur”, zioen Maitane lasartearrak, Peñafloridakoek arrazakeriaren inguruan egindako adierazpenen ondorioz.

Hala ere, Peñafloridako ikasle den Rakelek, ezberdintasunetan zentratu baino, amankomunean zutena erreskatatu zuen: “Gure artean ezberdintasun batzuk daudela nabaria den arren, nerabe bezala gauza berdinak nahi ditugu, nahiz eta errealitate ezberdinak ditugun bakoitzak”.

Nerabe eta erakundeen arteko elkarrizketa sustatzeko, talde-dinamikak egin genituen.

Erakundeen txanda da orain

Pandemia garaiko bizipenak ere aipatu zituzten nerabeek, eta oro har abandonatuta sentitu direla adierazi zuten lasartear eta donostiarrek. “Gure ongizate mentala ez dago bermatuta, eta gaur egun pribatutik soluzionatu behar ditugu arazoak”, salatu zuen Uxuek: “Zergatik gastatu behar dituzte nire gurasoek 60 euro astean niretzako psikologo bat eskuratzeko? Gurasoengan dependentzia hori izatea ere zama da guretzat”. Rakelek buruarekin baiezkoa egin eta zera gehitu zuen: “Nik garai batean ere psikologoa behar izan nuen eta pribatutik kudeatu zuten gurasoek”.

Apelazio zuzena egin zien ondoren Uxuek erakundeei: “Erakundeek beti diote: ‘gazteak entzun behar ditugu, ‘gazteak entzutea garrantzitsua da’… Baina ondoren, guk zer nahi dugun esaten dugunean, ez digute kasurik egiten”.

Adierazpen horiek entzun eta ‘Galdera ikurrak’ ekimenaren partaidetza-prozesua goraipatu zuten erakundeetako kideek: “Askotan erakundeok zailtasunak ditugu ez soilik nerabeen beharrei erantzuteko, baizik eta zer galdetu jakiteko ere. Galdera egokiak egitea eta haien partaidetza behar bezala bermatzea ez da lan erraza, eta prozesu honek lortu du harresi hori haustea”.

Jarduerari amaiera emateko, partaide bakoitzari (nerabe zein helduei) esaldi ala hitz bakarrean saiotik eramango zutena adierazteko eskatu genien. Hona hemen irten ziren ideietako batzuk:

Nerabeak:

“Espresatzeko espazioa”.

“Entzunda sentitu naiz”.

“Ikuspuntu ezberdinak”.

“Protagonistak izan gara”.

“Errealitatea”.

“Berdintasuna: Gazteak eta helduak berdinak izan gara gaur”.

 

Erakundeetako ordezkariak:

“Gazteen altaboza izan behar gara, eta ez ahotsa. Haiek badute haien ahotsa”.

“Erronka: gazteentzako komunikaziorako espazioak sortzea eta bermatzea”.

“Mugitua eta eskertua sentitzen naiz”.

“Helduok atzerapausoa eman behar dugu”.

“Aniztasunaren erronka”.

“Erantzun partekatua”.

“Lehen urratsa”.

“Eskuzabaltasuna, nerabeek haien esperientzia partekatu izanagatik”.

“Oparia”.

“Espazioak sortzeko beharra”.

“Kezkatuta, ardura sentimendua”.

Eta antolatzaileok itxi genuen saioa gure esaldiarekin:

“Gure hitza ‘eskertza’ da, denok tarte bat hartu duzuelako gaur saioan egoteko”.