Egindako Lanak

Zahartzaroa eta bakardade egoerak Urretxun

Zahartzaroaren eta bakardade egoeren arteko lotura aztertzea premiazkoa da. Izan ere, populazioa zahartzen ari da, gero eta gizarte zaharkituagoa dugu; zahartzaroa ulertu eta bizitzeko modu berriak agertu dira eta zaintzaren paradigman jazo diren aldaketak egoera berriari maila pertsonal, komunitario eta instituzionalean nola erantzungo diogun galdetzea eta erantzutea eskatzen du.  

Horregatik, Urretxuko Udalaren eskaera ilusio eta ardura handiz hartu dugu eta herrian bakarrik bizi diren adineko pertsonen errealitatea ezagutzeko diagnostikoa burutu dugu, ikuspegi kuantitatibo eta kualitatiboa uztartuz.

Horretarako, iturri estatistiko eta ikerketa desberdinak baliatu ditugu eta diagnostikoaren emaitzak bertako errealitatera ahalik eta gehien gerturatzeko helburuarekin Urretxuko udal erroldako datuak ere baliatu ditugu. Hauen bidez, herrian bakarrik bizi diren adineko pertsona kopurua, populazio honen banaketa espaziala eta adina eta sexuari lotutako ezaugarriak ezagutu ahal izan ditugu. Informazio honek bere biziko garrantzia du herrian bakarrik bizi diren adineko pertsonei zuzendutako politika publiko eta esku hartze programak sortzeari begira.

Bestetik, diagnostiko honek erdigunean jarri ditu bakarrik bizi diren adinekoen ahotsak, haien beharrak eta kezkak, bizipenak eta pertzepzioak; baita haiekin harremanetan dauden pertsona, eragile eta erakundeenak ere. Azken finean, egungo egoera ezagutzea ez ezik, bakarrik bizi diren adineko pertsonen bizitzak hobetze aldera egun identifikatzen diren zailtasun eta erronkei erantzun hobe bat emateko bokazioa ere badu proiektu honek.

Jarraian, ikerketa honen emaitzak biltzen dituen txostena topatuko duzue…animatu begiratu bat ematera eta zuentzako inspiragarriak izango diren ideiak topatuko dituzuelakoan gaude!

 

Material osagarria