Egindako Lanak

TOLOSAKO JAIEN BERDINTASUN BEHATOKIAREN DINAMIZAZIOA

Tolosako Udalak 2010 urtetik darama jaietan berdintasun ikuspegia txertatzen era aktibo batean. Urteetako prozesuari jarraipena eta egonkortasuna emateko asmoz, 2016 urtean, Tolosako Jaien Berdintasun Behatokia diseinatu zen, Farapiren dinamizazioaren bitartez.

Behatokiaren helburua berdintasun politikak modu estrategiko, sistematizatu eta eraginkorrean aplikatzeko tresna izatea da, jaiak berdinzalegoak izan daitezen. Helburu hau betetzeko, Behatokiaren funtzionamendu tresna bat diseinatu genuen, Berdintasun sailaren lidergoarekin eta gainontzeko udal departamentuen partaidetzarekin batera.

Farapik dinamizatutako prozesu honetan, Behatokiaren epe luzeko ikuspegia landu genuen, hobekuntza iraunkorra eta progresibotasuna (funtzioak, eragile partaideak, lanketa esparruak eta jaiak hazten joango dira) oinarri izanik. Hain zuzen ere, Behatokia udalarentzat eta herriarentzat tresna “bizia” bezala ulertzea da xedea; hau da, jaiak eta gizartea urtez urte aldatzen diren heinean, egokitzapenak izan ditzake.

2022 urtean, San Joan jaien egitarauarekin batera, Tolosako Udalak 2022-2024 Jaien Berdintasun Behatokiaren Ekintza Plana aurkeztu zuen.

Lau ardatz nagusi ditu Behatokiaren Planak, berdintasunerantz abiatzeko:

  1. Behatokiaren funtzioak eta antolamendua modu sistematizatuan garatzea.
  2. Tolosako jaiak berdintasunez antolatzeko urratsak ematea.
  3. Genero-ikuspegi kritikoa txertatzea Tolosako jaietako jardueretan.
  4. Indarkeria matxistarik gabeko jaiak lortzea, herritar guztien gozamenerako.

Halaber, Planean jasotako ekintzen artean, honakoak jarriko dira martxan aurten:

  • Berdintasun Kontseilutik Behatokiaren jarraipena egin.
  • Indarkeria jaiei buruzko bileretan landu beharreko puntu iraunkorra bihurtu.
  • Feminismoan formakuntza eskaini jaietan kontratatzen den erakunde orori.
  • Kirol arloan diziplina ezberdinetako emakume kirolariak ikusarazteko ekintzak antolatu jaietan (gizon eta emakumeen txapelketak parekatu, tradizionalki gizonezkoak nagusitu izan diren diziplinetan emakumeen parte hartzea sustatu eta bultzatzeko ekintzak egin…).
  • Aisialdi, natura eta kirol jarduerak antolatzen dituzten elkarteekin jarduera berritzaileak sortzeko estrategiak pentsatzen hasi.
  • Musika-programazioan berdintasun-irizpideak aintzat hartzen jarraitu.
  • Jaietako omenaldi ezberdinetan emakumeak omentzen jarraitu eta joera hori bultzatu, arrakala historikoa orekatzeko.

Plana 2017tik 2019ra San Joan jaien inguruan egin diren azterketetan oinarritu bada ere, udalerriko jai guztiak barne hartu nahi ditu. Tolosako Udalarekin elkarlanean egin dugun plana hemen duzu eskuragarri.

Material osagarria