Egindako Lanak

ETORKIZUNEKO GAINTZA ELKARREKIN ERAIKITZEN

Gaintzak etorkizunean nolako herria izan nahi duen, zein norabidetan aurrera egin nahi duen erabakitzeko erronkaren aurrean aurkitzen da. Erronka horri herritarrekin batera erantzutea ezinbestekoa dela jakitun parte-hartze prozesu bat abiatu dugu.

Prozesu honen helburu nagusia hirigintzaren alorrean Gaintzak etorkizunean izan nahi duen herria herritarrekin marraztea izan da. Horri begira, saioz-saio herriarentzat garrantzitsuak diren hainbat gai landu dira. Ez da bide erraza izan, gai batzuk konplexuak eta ertz askokoak baitira, baina konplexua izanagatik herritarrek ez diote gaiaz eztabaidatzeko, iritzia eman eta entzuteko, eta adostasunak bilatzen saiatzeko aukerari bizkar eman.

Parte-hartzea oso handia izan da (guztira 50 pertsonatik gora) eta parte-hartzaileen jarrera ere benetan txalotzekoa. Giro onean pasatu ditugu hainbat larunbat goiz, gai potoloez hitz egiteaz gain, elkarren artean nahastu, jolas egin eta ezagutzeko aukera ere probestuz. Guretzat komunitatea, herritarren arteko kohesio eta harreman sareek sustatzea ere elementu garrantzitsuak dira horrelako prozesuetan.

Elkarrekin etorkizunerako hainbat proposamen landu dira eta Udalak horiek aurrera eramateko konpromisoa hartu du. Aldi berean, argi geratu da herritarren inplikazioa ere behar-beharrezkoa dela, gehiago Gaintza bezalako herri txikietan, horregatik, parte-hartzean sakontzen jarraitzeko eta guzti honi jarraipena emateko “sistema” bat probatzera ausartuko gara.

Prozesu hau hasiera besterik ez da izan! Laster arte, Gaintza!

Material osagarria