Eskuartean

Kirol-hastapenean genero eta LGTBIQ+ begirada txertatzearen garrantziaz

Neska edota LGTBIQ+ haurra zinenean, nola bizi izan zenuen kirola? Askok kirolarekiko deskonexioa edota deserosotasuna bizi izan genuen, eskolan oso eredu androzentrista genuelako garai hartan. Hala, heldutan berreskuratu dugu kirola eta ariketa fisikoa egiteko grina.

Eskola Kirola helburu batzuekin jaio zen, eta helburu horiei heltzea inoiz baino beharrezkoa dugu. Gizarte berdinzaleago baterako tresna bizia izaten jarraitu behar du, haurren garapen integrala erdigunean jarriz, eta ikuspegi eta metodologia berritzaileetara egokituz. Feminismoak aurrerapauso esanguratsuak eman ditu, baina olatu erreakzionarioak ere mehatxatzen gaitu. Ez gaitezen bueltatu gu moduko neskek eta LGTBIQ+ haurrek kirola egiteko aukerari uko egiten zioten garaira.

2025eko maiatzaren 21ean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ponentzia bat egiteko eskaera egin ziguten, Gipuzkoako kirol-hastapeneko eredua aztertzeko eta baloratzeko.  Izan ere, aurreko urtean Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Sailarekin elkarlanean aritu ginen Farapin, Multi Kirola programan genero eta LGBTIQ+ ikuspegiak txertatzeko, prozesuaren emaitzak bideratzeko eta horiek jasotzeko. Guretzat aukera paregabea izan zen alor anitzetako aditu eta arituekin hitz egiteko, eta batez ere entzuteko eta haiengandik ikasteko.

Ikusi ponentzia osoa hemen: