Eskuartean

Indarkeria matxistarik gabeko jaien alde egin dute bidaniarrek

“Saiaz Mankomunitatearen bitartez, Farapi kooperatibaren eskutik, jaso dugun formakuntza saioa izan da. Lagun artean, inoiz hitz egin gabeko gaia zen guretzat eta oso esperientzia aberasgarria izan da gai honen gainean hitz egitea eta hausnartzea”. Hala adierazi du Bidaniko jai batzordeak Tolosaldeko Atariak argitaratu duen elkarrizketan.

Farapitarrok pozik gaude bidaniarrekin egin dugun formakuntzaren fruituak ikusteaz. Izan ere, 2020 urtetik ari gara Saiaz Mankomunitatearekin elkarlanean, indarkeria matxistari herri gisa eta komunitatetik erantzuteko bidean.

Horretarako, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa martxan jarri dute Mankomunitatean, berezitasun batekin: erakundeez gain, herritarrak inplikatu dira protokoloa osatzeko. Ordutik, hasitako bidearen jarraipena egin dugu haiekin.

Indarkeria matxistaren aurrean jaiak borrokarako eremu garrantzitsu dira. Horregatik, Saiazko indarkeria matxistako taldeak herrietako jaietan lanketa egitea erabaki zuen eta Farapirekin jarri zen harremanetan bidelaguntza egiteko.

Saiaz osatzen duten lau herriek (Albiztur, Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezil) oso errealitate ezberdinak dituzte. Hori dela eta, herri bakoitzeko jai batzordeko kideekin elkartu, indarkeria matxistaren aurrean haien errealitatea ezagutu eta haien neurriko ekintzak landu genituen: prebentzio neurrietatik hasi eta jai egunetarako erasoen aurrean jarduteko protokoloetaraino.

Zure herri edota auzoko jaietan halako prozesurik abiatu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan: info@farapi.com

 

Argazkiaren egilea: ataria.eus