Eskuartean

2022 urteko gardentasun txostena: Ongi etorri gure erraietara

2019an, Farapiren lan-egitura hankaz gora jarri genuen eta, ordutik, etengabeko eraldaketa prozesu batean gaude murgilduta. Gerentzia eredu tradizionala ezabatu genuen eta lan-taldeka antolatzen hasi ginen, lan-orduak murriztu genituen eta taldearen eta norbanakoen bizigarritasuna bermatzeko tresna eta mekanismoak sortzen hasi ginen.

Hiru urteren ondoren, 2022. urtea egonkortze urtea izan da Farapirentzat. Bizigarritasuna eta bideragarritasuna uztartzeko bidea ez da erraza izan, baina aurreko urteko emaitzek erakutsi digute posible dela.

Bost dimentsio kontuan hartuta ari gara gauzatzen eraldaketa: proiektua, taldea, pertsona, inguru naturala eta inguru soziala. 2022 urtearen azterketa hau, beraz, erantzunkidetasun sozialetik egiten dugu, gure pertsonatik, taldetik eta proiektutik harago bagarelako eta izan nahi dugulako.

Erabaki politikoa da zurekin gardentasunez partekatzea norekin egiten dugun lan, nondik jasotzen ditugun gure baliabide ekonomikoak eta zertan erabiltzen ditugun.

Txosten hau egin ahala, urteko ibilbidearen aitortza egiteko aukera ere izan dugu. Harro gaude 2022an egindako lanaz, nahiz eta oraindik hobetzeko marjina dugula jakin badakigun. Horrek indarra eman digu eredu bizigarriarekin jarraitzeko eta erronka berriei aurre egiteko.

Ongi etorri gure erraietara:

Ikusi txosten interaktiboa | Eskuratu PDF fitxategia