Egindako Lanak

Itsasondo, herri duinaren herria


LABURREAN:
Proiektuaren izena: “ITSASONDO HERRI DUINAREN HERRIA” Ongizate Batzordearen plangintza estrategikoa osatzeko partaidetza prozesua
Norekin elkarlanean: Itsasondoko Ongizate Batzordea
Proiektuaren urtea: 2023


2023an esku artean izan dugun proiektu maiteenetarikoa izan da Itsasondoko Ongizate Batzordearekin elkarlanean egin dugun hau.

Udal politiketan funtsezko ardatza da Ongizatea. Herritarren bizimoduan zuzen-zuzenean eragiten duten neurri eta programak biltzen baitira ongizate politiketan. Beraz, lanketaren helburu nagusia, Itsasondon hurrengo urteetako ibilbidea marraztuko duen plangintza bat osatzea izan da, herriaren eta herritarren beharretatik abiatuz, herriko errealitateari erantzungo dion lan-tresna bat sortzea.

Plangintza estrategiko hau osatzeko ezinbestekoa izan da Ongizate Batzordeko kideen ekarpena. Prozesu beraren ko-diseinutik abiatu eta prozesu guztian zehar ezinbesteko aliatu izan ditugu.

Herrian, ongizatearen ikuspegitik, oinarrizkoak diren hiru eremuren inguruan artikulatu da parte-hartze prozesua bera eta baitan prozesuaren emaitza izan den plangintza: Jatorri eta kultur aniztasuna, etxebizitza eta zahartzaroa.

Bereziki interesgarria iruditu zaigu plangintza osatzerako garaian elkarrekin landu dugun marko edo ikuspegia. Alde batetik, Ongizatearen ikuspegi zabaletik abiatu gara, oinarrizko beharrak (elikadura, etxebizitza, argindarra, eskolaratzea, dependentziarako zaintzak, etab.) asetuak izateaz gain, bestelako behar batzuk ere kontuan hartuz; komunitate baten parte-izatea, aisialdia, atsedena, lotura sozial eta afektiboak, etab.   Bestetik, Udal ardurei muzin egin gabe, komunitate osoa inplikatzen duen lanketa proposatu da, ulertuta, herritarren ororen ongizate integrala ez da soilik udal-ardura, komunitate osoaren ardura dela. Zentzu honetan ongizaterako estrategia publiko-komunitarioak indartzeko ahalegina egin da plangintzan. Eragile eta herritar bakoitzak, dagoen tokitik, herri ongizateari eta herritarren duintasunari ekarpena egiteko aukera izan dezan.

Ikuspegi eta apustu politikoa, elkarlana, parte-hartzea eta ahalduntzea erdigunean jarri dituen lan prozesua izatea lortu da. Hau da, edozein Ongizate Politikak oinarrian izan beharko lituzkeen elementuak “praktikan” jarri dira plangintza estrategikoa osatzeko prozesuan bertan.