Egindako Lanak

IRUNBIXI, Irungo Haur eta Nerabeen Parte-hartze Foroa


LABURREAN:

Proiektuaren izena: IRUNBIXI, Irungo Haur eta Nerabeen Parte-hartze Foroa

Norekin elkarlanean: Irungo Udala

Proiektuaren urtea: 2023-2024 ikasturtea


2023-2024 ikasturtean 300 haur eta nerabe inguruk parte hartu zuten IRUNBIXI Irungo Haur eta Nerabeen Parte-hartze Foroan. Haur eta Nerabeen Planetik abiatuta, hirian haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko sortu zen IRUNBIXI. Proiektuaren diseinutik ari gara Farapi kooperatiban prozesua bidelaguntzen eta Foroa dinamizatzen. Hirugarren edizioa horretan Eguzkitza, El Pilar, Lekaenea, Toki Alai eta Txingudi ikastetxeek parte hartu zuten.

Irungo haur eta nerabeek haien hirian parte hartzeko eta eragiteko duten ahalmena bultzatzea da Foroaren helburua. Horretarako, gaikako lanketak egin zituzten adin txikikoek, eta gaien aukeraketa haiek egin zuten, partaidetza metodologien bitartez. Xedea haien interesa piztea izan zen, gustuko zituzten gaiak baliatuta. Besteak beste, honako gaiak aukeratu zituzten: elkarbizitza, arrazakeria, berdintasuna, bakegintza, ingurumena, elikadura, merkataritza, jaiak edota animalien eskubideak eta ongizatea.

Herrigintzak duen indarra ezagutzeko, gai bakoitzean diharduten eragileen bisitak izan zituzten haur eta nerabeek. Arrazakeriaren aurka lan egiten duten elkarteak, animalien aterpetxea, elkarte feministak, merkatariak eta beste hainbat eragile ikastetxeetara bertaratu ziren haien lanaren berri emateko eta gaztetxoekin elkarrizketan aritzeko. Eragileez gain, Irungo Udaleko hainbat sailek ere parte hartu zuten saioetan, hala nola, Berdintasun arloa, Kirolekoa, Kulturakoa, Gazteriakoa, Hiri Sustapenekoa, Gizarte Ongizatekoa, Udaltzaingokoa, Mugikortasunekoa, Bide Publikoetakoa eta Lorategietakoa.

Ekiteko inspirazio iturri handia izan zen eragileen eta Udalaren lana ezagutzea, eta hortik abiatuta haur eta nerabeek ere haien ekarpena egin zuten Irunen. Hona hemen ikasturtean zehar egin zituzten lanketen emaitzak:

  • Animalien zaintza eta ongizatea sustatzeko komunikazio materialak eta hedabideetan agerraldiak.
  • Elkarbizitzaren inguruko fanzineak.
  • Bakearen aldeko murala.
  • Elkar ezagutzeko jolasen ekitaldia.
  • Mundialito antirrazista.
  • Jaietarako ekintzak: Scape room, Kirol zirkuitoa eta IrunTxef.
  • Nesken segurtasunaren inguruko kanpaina.

Euskarri guzti horiek Irungo Udalaren webgunean ikus daitezke.

Material osagarria