Egindako Lanak

Euskal Herriko I. Hika Topaketaren dinamizazioa


LABURREAN:

Proiektuaren izena: Euskal Herriko I. Hika Topaketa

Norekin elkarlanean: Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Alkartia, Udako Euskal Unibertsitatea

Proiektuaren urtea: 2023


Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Alkartiak, Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) elkarlanean, Euskal Herriko I. Hika Topaketa antolatu zuen Oñatin azaroaren 10ean. Helburu nagusiak hitanoaren egoeraren inguruko hausnarketa komuna egitea, esperientziak partekatzea eta saretzea izan ziren. Hitanoaren alde lanean diharduten 80 kidetik gora bildu ziren, Euskal Herriko herri eta auzo anitzetatik etorriak.

Lehendabizi, askotariko ikuspegi eta esperientziak azaldu ziren, hitzaldi formatuan. Ondoren, elkar ezagutza sustatu, ikaspenak partekatu eta saretzea bultzatzeko dinamikak egin ziren. Dinamika hauek diseinatu, prestatu eta bideratzea izan zen, hain zuzen ere, Farapiren lana.

Lehendabiziko dinamikan, eragileen araberako taldeak osatu ziren: hika bultzatzaileak, irakasleak, ikerlariak eta euskara teknikariak. Esparru bakoitzeko kideek, kezkak eta aukerak partekatu zituzten, eta baita etorkizunerako erronkak identifikatu ere. Bigarren dinamikan, mugimendua eta musika lagun, elkar ezagutza sustatzea eta ikuspegi komuna sortzea bilatzen zuten galderak egin zitzaizkien, eta hauek taldetan erantzun ondoren, txarteletan idatzi zituzten. Amaieran, txartelak eskegi eta ikusgarri jarri zituzten. Itxiera dinamika bezala, borobilean jarri eta kide bakoitzak saiotik zer eramaten zuen azaldu zuen.

Topaketako antolatzaileek zein parte hartu zuten kideek balorazio oso positiboa egin zuten, eta Topaketa hitanoaren alde lanean jarraitzeko eta saretzeko urrats garrantzitsua izan zela adierazi zuten.

Material osagarria