
LABURREAN:
Proiektuaren izena: Donostiako Ekialdeko Barrutiko jai batzordeekin indarkeria matxistei aurre egiteko lanketa
Norekin elkarlanean: Donostiako Udaleko Berdintasun Saila (Ekialdeko Barrutiko Lan-Taldea)
Proiektuaren urtea: 2023 – 2025
Indarkeria matxisten inguruko ardura soziala azken urteotan zabaltzen doan zerbait da. Jaien testuinguruan ematen diren indarkeria egoeren aurrean, prebentzioa, oinarrizko artatzea eta erantzuna artikulatzea jai batzordeen funtzioa ere badenez, errealitate honen aurrean erantzuteko prest egotearen beharra izan da lanketa honen oinarria.
Ekialdeko Barrutiko jai batzordeak oso anitzak dira, orokorrean: antolatzen dituzten jarduerei dagokionez, antolatzaileen perfilari dagokionez, ibilbide historikoari dagokionez, etab. Abiapuntua hau izanik, helburua ez da batzorde guztiek prozedura berdina adostea; bai ordea ortzimuga berdinari begira jartzea eta, pixkana-pixkana, lanketan sakontzen joatea.
Beraz, prozesu honek indarkeriari aurre egiteko estrategian pixkanaka urratsetan bidelaguntza ematea izan du helburu, batzordeak indarkerien aurrean eragile aktibo bilakatzeko.
Prozesu horren emaitzetako bat izan da “Ekialdeko Barrutiko jaietan indarkeria matxistei aurre egiteko estrategia: Jai batzordeentzako gida”. Ekimena Ekialdeko Barrutiko Berdintasun Lantaldeak bultzatu du, eta Donostiako Ekialdeko Barrutiko zenbait jai batzorderekin lanketatik osatu da gida, Farapi Kooperatibaren aholkularitza eta bidelaguntzarekin. Jaien testuinguruan indarkeria matxistari lotutako egoeren aurrean jarduteko proposamenak jasotzen ditu, besteak beste.
Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoek osatzen duten Ekialdeko Barrutiko Berdintasun Lantaldeak estrategia berri bat bultzatu du jaien testuinguruan indarkeria matxistei aurre egiteko. Ekimen honek jai-batzordeek eraso matxisten aurrean prebenitzeko eta erantzuteko eragile aktibo gisa jokatzen duten funtsezko eginkizunean jartzen du arreta.
Helburu horrekin, Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak, Farapi kooperatibaren aholkularitzarekin, gida praktiko bat sortu du jaiak antolatzen dituzten taldeentzat. Dokumentua Ekialdeko Barrutiko zenbait jai batzorderekin elkarlanean garatu da, eta tresna erabilgarria, argia eta eskuragarria izatea du helburu.