Eskuartean

Ekialdeko Barrutiko jaietan indarkeria matxistei aurre egiteko gida kaleratu du Donostiako Udalak

“Ekialdeko Barrutiko jaietan indarkeria matxistei aurre egiteko estrategia: Jai batzordeentzako gida” izeneko argitalpena kaleratu du aste honetan Donostiako Udaleko Berdintasun sailak. Ekimena Ekialdeko Barrutiko Berdintasun Lantaldeak bultzatu du, eta Donostiako Ekialdeko Barrutiko zenbait jai batzorderekin egindako lanketatik osatu da gida, Farapi Kooperatibaren aholkularitza eta bidelaguntzarekin. Jaien testuinguruan indarkeria matxistari lotutako egoeren aurrean jarduteko proposamenak jasotzen ditu, besteak beste.

Dokumentu honen helburua ez da prozedura zehatz bat adostea, ez da protokolo bat; jaien antolaketaren testuinguruan bidelagun izateko gida bat da. Hala, argitalpen honetan jai batzordeentzako tresnak eskaintzen ditu hiru eremu hauetan:

  • Indarkeria prebenitzeko erabakiak hartzeko.
  • Jai guneetan eraso bat gertatzen denean ematen den arretaren koordinazioa hobetzeko.
  • Erasoen ondoren erantzun publiko egokiak definitzeko.

Indarkeria matxisten inguruko ardura soziala azken urteotan zabaltzen doan zerbait da. Bide honetan, jai batzordeek ere duten erantzukizunari helduz, errealitate honen aurrean erantzuteko prest egotearen beharra izan da lanketa honen oinarria.

Ekialdeko Barrutiko jai batzordeak oso anitzak dira, orokorrean: antolatzen dituzten jarduerei dagokionez, antolatzaileen profilari dagokionez, ibilbide historikoari dagokionez, etab. Abiapuntua hau izanik, helburua ez da izan batzorde guztiek prozedura berdina adostea; bai ordea ortzimuga berdinari begira jartzea eta, pixkana-pixkana, lanketan sakontzen joatea.

Beraz, argitalpen honek alde batetik, indarkeriari aurre egiteko estrategian pixkanaka aurreraka urratsak emateko gida bat izan nahi du (inspirazio moduan). Eta bestetik, Donostian jaien markoan ematen diren erasoei aurre egiteko existitzen diren baliabideen berri eman nahi du.

Ekialdeko Barrutitik, Donostia guztira

Gida hori Ekialdeko Barrutiko esperientzian oinarrituta diseinatu bada ere, eskuragarri dago jai gune seguruagoak, inklusiboagoak eta indarkeriarik gabekoak eraikitzeko urratsak eman nahi dituzten hiriko jai batzorde guztientzat. Beraz, Donostiako beste auzoetako jai batzordeak ere animatzen ditugu gida irakurtzera eta haien errealitatera ekartzera.

Jai batzordeentzako gida honetan ondorengo atalak topatuko duzu:

  1. Sarrera eta helburuak
  2. Kokapen teorikoa
  3. Prebentzioa eta aurre prestaketarako neurriak
  4. Lehen arreta
  5. Erantzun publikoa
  6. Begirada batean
  7. Gehigarriak: zerbitzu eta baliabideak, zer egin larrialdi kasuetan eta larrialdi egoera ez diren kasuetan…