Eskuartean rss

Herrigintza COVID 19 garaian ere

2020/07/22

Oraindik goiz da COVID 19ren ondorio guztiak neurtzeko, eta zein esparruetan izango duen inpaktu gehien baloratzeko, baina agerikoa da gizarte mailan etorkizunean asko eragingo duten aldaketa batzuk ematen ari direla. Erakunde publikoek gizartean sortzen ari diren beharrei erantzuteko ardura dute, eta aldi berean, hauen inguruan hausnartu, birposizionatu eta udal-funtzionamendua egokitzeko erronkei ere heldu behar diete.

 

Krisi honetan, gure sistemaren gabezia batzuk agerian gelditu dira, mailan ekonomiko eta sozialean, baina baita erakundeen funtzionamenduaren mailan ere, eta berreraikuntza soziala beharrezkoa den honetan, krisi ekonomiko batean murgiltzeko arriskuan gaudela dirudi. Gai izango gara gizarte moduan erronka berriei erantzuteko? Nola mantendu ekonomia jarduera eta aldi berean, erantzunkidetasun sozialean oinarritutako eredu sostengagarriagoen norabidea jorratu? Gai izango gara eragile sozialak elkarlanaren bitartez interes komuna bilatu eta erronka berriei erantzuteko? Eta gai izango dira erakunde publikoak prozesu hauek bideratzeko? Hauek eta beste zalantza eta ezinegon asko bizitza publikoaren parte bihurtu dira, eta erakundeentzat inplikazio sakonak suposatzen dituzte.

 

Garai honetan erakunde publikoek pertsonen babesean eta ongizatean duten oinarrizko funtzioa agerian gelditu da, eta horri esker, COVID 19aren lehen inpaktuaren ondorio latzenak murriztea lortu da. Hemendik aurrera, erakundeok lidergo aktiboa izatearekin batera, herritarren beharrak entzun eta erantzun koherenteak eta integratuak emateko ardura duzue, erakunde-mailako zeharkako lan batetik abiatuta eta eragile anitzen arteko lankidetza sustatuz.

 

Zentzu honetan, kontziente gara udal administrazioak dituzuen erronka konplexuen inguruan, besteak beste: egoera honek eskatzen duen politika, programak eta ekintzak identifikatzea; aurrekontu murrizketekin lehentasunak birdefinitzea; urgentzia eta etengabeko aldakortasunaren aurrean, premiazko erantzunak ematea, baina aldi berean, epe ertainerako pertsonen ongizaterako baldintzak ehuntzea; guzti hau gauzatzeko, herritarrekin eta herri-eragileekin komunikazio kanal eraginkorrak izatea; eta dena batera eta aldi berean bultzatzea eta eraikitzea.

 

Farapiko kideon ustetan, egoera honek ez du eskatzen bakarrik aurrekontuen birdefinizio bat egitea, edo agerian gelditzen ari diren hutsuneak estaltzen saiatzea, baizik eta herrigintza eta politika egiteko modu berriak pentsatu eta aktibatzeko aukera baliatzea. Pertsonen ongizate ikuspegi integral batetik, gizarte kohesionatu eta solidario baterantz urratsak emateko aukera eta betebeharra dugula uste dugu.

 

Horretarako, beharrezkoa izango da gizarteko sektore anitzekin elkarlanean etorkizunerako ikuspegia eta lanketa estrategikoa jorratzea. Erakundeen lidergoarekin, norantza kolektibo bat definitzeko beharra dago, herritarrak parte eta inplikatuta sentituko diren ibilbide orri bat, gizarte erronkei erantzuteko erreferente argi batzuekin, ikuspegi estrategikoarekin eta balore partekatuekin.

 

Herritarrekin eta herri eragileekin eraikuntza kolektiborako prozesuak premiazkoak diren moduan, udal barnean ere egoera berriari erantzuteko, formula berritzaileak behar direla deritzogu. Izan ere, lehentasunak ikuspegi integraletatik definitzean, departamentuen arteko logika gainditzen da, eta zeharkakotasunean sakontzeko estrategiak garatzea beharrezkoa bihurtzen da. Herritarrengandik gertuago egoteko beharrak, komunikazio iraunkorrak eta partaidetzarako metodo berriek ere udal jardunean halabeharrezko aldaketak ekarriko dituzte.

 

Erronka hauei heltzeko momentua da.


facebook
0
twitter
Farapi

Mundaiz bidea 10, 23.bulegoa
20012 Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)

Calle Travieso 27, 2-A
35002 Las Palmas de Gran Canaria

T (+34) 943 00 35 85
F (+34) 943 00 35 84
info@farapi.com