Egindako Lanak

ARETXABALETA ETA ESKORIATZAKO NERABEEN AISIALDIAREN INGURUKO IKERKETA ETA PARTAIDETZA PROZESUA

Proiektu honen helburua, nerabeek haien aisialdiaren inguruko hausnarketa kritiko eta kolektibotik abiatuz, haien behar eta gogoetara egokitutako aisialdi eskaintza udalarekin elkarlanean garatzea izan da. Aretxabaleta eta Eskoriatzako gazteria sailak eraman du proiektuaren lidergoa, eta bi herrietako ikastetxeekin elkarlanean (Kurtzebarri eta Arizmendi), DBHko ikasle guztiek hartu dute parte, 2019-2020 epealdian.

Proiektuak bi fase izan ditu, ikerketa eta partaidetza prozesuak:

Ikerketa fasea: nerabeen errealitateari hurbilpena, beraien beharrak eta interesak ezagutu aisialdiaren inguruan, eta partaidetza aktiborako gakoak identifikatu genituen. Fase honetan, profil anitzetako nerabeekin 11 eztabaida talde egin genituen, ondorengo gaiak landuz: nerabezaroa ezaugarri propioak dituen pasarte garai moduan, aisialdiaren inguruko gogoak eta horretarako elementu garrantzitsuak, egunerokotasunaren inguruko hausnarketa partekatua, eta erakunde publikoen funtzioekiko ezagutza eta hauekiko harremanak.

Nerabeez gain, herrian gaiari lotuta erreferentziazkoak diren eragileekin elkarrizketak ere egin genituen: gazteria teknikaria, Gaztelekuko koordinatzailea eta begiraleak, gizarte zerbitzuetako prebentzio saileko hezitzaileak eta Uda kirol elkarteko koordinatzailea eta entrenatzailea.

Lanketa honekin, Diagnostiko txostena idatzi genuen, eta hurrengo fasea, partaidetza prozesua, diseinatu genuen.

Partaidetza fasean, nerabeekin aisialdi eredu osasuntsu eta aberasgarri baten inguruko gogoeta partekatua egitea eta udala eta nerabeen arteko elkarlan lantzea izan ziren helburu nagusiak. Horretarako, bi fasetan antolatutako lanketa egin zen:

Lehendabizikoan, bi ikastetxeetarako nerabe guztiek hartu zuten parte, taldetan banatutako saioen bitartez. Saio hauetan, ikerketa fasetik identifikatutako ondorengo gaien inguruan sakondu zen, jarrera eraikitzaile batetik: Gaztelekua eta nerabeentzako espazio propioen beharra; jaiak eta gaua; kirolak eta jolasak; eta sormena (hemen musika, dantza, antzerkia, entretenimendua edo beste edozein gairi lotutako ekintzak biltzen zirelarik).

Jasotako proposamenetatik abiatuz, ekintza plan bat osatu zen, eta udalak BIXI! logoa sortu zuen, partaidetza prozesu honetatik ateratako ekintzak identifikatzeko. Aldi berean, egindako lanketa eta ekintza planaren emaitzak nerabeei aurkezpen publiko batean azaldu zitzaizkien.

Ekintza hauek martxan jartze aldera, norabide desberdinetako lanketa abiatu zen: ekintza batzuk udalak zuzenean jarri zituen martxan, beste batzuk epe luzean eta lanketa sakonago batekin lantzekoak ziren, eta bazegoen beste ekintza multzo bat partaidetza prozesuaren bigarren fasean nerabeekin elkarlanean landu genituenak.

Azken fase honetarako, nerabeek egindako proposamenak abiapuntutzat hartuz, haiekin lanketa espezifikoa egin zen, udalarekin elkarlana eta nerabeen subjektu izaera bilatuz. Hauek izan ziren egindako lanketak: jaien testuinguruan haientzako espazio propioa aldarrikatzen zutenez, Aretxabaletan Inauterietako festa bat antolatu zuten udalarekin elkarlanean; asteburuetan lagunekin haien bolara egoteko espazioak nahi zituztenez, Gaztegauak proiektua bideratu zen, Eskoriatzako Gaztelekua larunbat gauetan nerabe koadrilek era autonomoan erabiltzeko aukera irekiz.

Lanketa eta ikuspegi honen eta proiektuaren jarraikortasuna lantzeko, bi herrietan nerabeekin lan egiten duten eragileekin partaidetza prozesuen inguruko trebakuntza ziklo bat egin genuen (hiru saio guztira), haiek ere partaidetza eta dinamizazio tresnak jaso zitzaten. Azkenik, gazteria eta partaidetza sailarentzat “Nerabeak subjektu. Aisialdian partaidetza txertatuz” gida dokumentua osatu genuen, nerabeek haien aisialdian eragile aktibo izateko partaidetza prozesuak urratsez urrats nola sustatu azalduz.

Material osagarria